2012/01/10

Arriskupean!

Peñaflorida institutuko bedela hiltzen denean, inork espero ez zuen misterio bat agertzen da ezustean. Bedela ez zen guztiek uste zutena: adineko gizontxo atsegin eta, azken batean, normala. Bedelaren iraganean enigma ikaragarria ezkutatzen zen, II. Mundu Gerran murgilduriko Europa erdiko armada eta polizia atzetik segika ibili zitzaizkionetik. Donostian ezkutatu zen, izena eta itxura aldatuz, eta ihes egin ahal izan zuen. Orain, ordea, hil ondoren, bere benetako nortasuna zein den zabaltzen da, eta nazioarteko zenbait taldek (eta ez nolanahikoak!: CIAk, neonaziek…) bedelaren sekretua eskuratu nahiko dute nola edo hala.
   Misterioaren haria ezustean topatu zuten Peñafloridako ikasleek —«Bihotz Nahasiak» liburuko protagonistak, besteak beste: Isusko kirolzalea, Iban hackerra, Nerea zuhurra, Maitane eroa, Mutante irakasle xelebrea…—, beraien arteko hika-mika eta nahaste-borrasteekin nahikoa izango ez balute bezala, bat-batean hamaika arrisku saihestu beharko dituzte, eta ez bakarrik bedelak utzitako enigma nahasgarria argitu ahal izateko. Beraien bizia arriskupean izango dute uneoro, imajina zitzaketen arerio indartsuenen aurka, eta asmamena eta adimena biziki astindu beharko dituzte osorik jarraitu ahal izateko. Ez gutxi!

http://www.fernandomorillo.eu/Liburu_Arriskupean.html